Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua
Parte-hartzerako gune egonkorra
Batzar honi buruz
Kide anitzeko organoa da, eta langile autonomoen lanbide elkarteen, elkarte sindikalen eta enpresa elkarteen zein Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea eta beraien arteko elkarrizketa instituzionala bultzatzeko sortua. Organo horren bidez bideratuko da gizarte elkarrizketa, lan autonomoari dagozkion gaietan.
Eginkizunak:
a) Lan autonomoaren lanbidearen arloan proposamenak egiteko eta aholkuak emateko organo gisa aritzea.
b) Lan autonomoari lotutako orotarako, gizarte elkarrizketa sustatzea Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten langile autonomoen lanbide elkarteen, enpresaburuen erakundeen, eta sindikatuen artean.
c) Lan autonomoaren lanbidearen arloan eragina izanen duten arauzko xedapenetarako proposamenak ezagutzea, Nafarroako Gobernuak horiek onetsi baino lehen.
d) Bere iritzia ematea, aukera gisa, autonomia erkidego mailan lan autonomoaren arloan politika publikoak diseinatzerakoan.
e) Lan autonomoaren arloko jarduketa ildoei dagokienez, proposamenak eta/edo txostenak egitea, genero ikuspegia erantsiz.
f) Estatuko Lan Autonomoaren Kontseiluan (Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 22. artikuluan arautua) parte hartzea, kontseiluburuaren bidez edo horretarako delegatzen den kide baten bidez, betiere Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren ordezkari izateko izendatzen direnen artetik.
g) Barne funtzionamenduko erregelamendua egitea eta onestea.
h) Legez eta erregelamendu bidez agintzen zaizkion beste eginkizun guztiak betetzea.
Osaera:
a) Kontseiluburua; lanaren arloan eskumena duen kontseilaria izanen da.
b) Lau kontseilukide izendatuko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren ordezkari, kontseiluburuak proposaturik.
c) Lau kontseilukide izendatuko dira langile autonomoen lanbide elkarteen artetik, foru dekretu honen 5. artikuluan ezartzen den moduan.
d) Bi kide izendatuko dira Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten enpresaburuen elkarteen ordezkari.
e) Bi kide izendatuko dira Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten sindikatuen ordezkari.
Araudia:
9/2013 Foru Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua sortu eta osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituena
Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2020ko martxoaren 18an hartua, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kideak izendatzen dituena
Atxikitako departamentua:
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua
Partekatu: